Dies Oiassonis: Jaialdia

Dies Oiassonis

Irungo XVI. Jaialdi Erromatarra
 
2026ko Uztailak 15-19
 
Dies Oiassonis jaialdi erromatarraren XVI. edizioa prestatzen hasi da; hala, aurtengo kartela aurkeztu du jada

Rueda Presnsa DIES 20262026ko sanpedroetako eta sanmartzialetako jaietako programaren lehenengo jardueren artean, Irungo Udalak Dies Oiassonis jaialdi erromatarraren XVI. kartela aurkeztu du gaur. Uztailaren 15etik 19ra bitartean izango da, eta jarduera ugari egingo dira Oiasso Museoan zein hirian zehar, hiriaren ondare erromatarra hiritarrei hurbiltzeko ikuspegi hezitzaile eta parte-hartzaile baten bidez.

Hilabete barru izango den edizioaren lehenengo xehetasunak partekatu dituzte Nuria Alzaga Kulturako arloko eta Hiri Bultzada eta Sustapen Ekonomikoko arloko ordezkariak eta lehenengo alkateordeak, Aizpea Goenaga Oiasso Museoko zuzendariak eta Ainhoa Gordo aurtengo kartelaren tokiko diseinatzaileak.

Ordezkariak adierazi duenez, "Dies Oiassonis jaialdi bat baino askoz gehiago da. Irun ezagutarazten jarraitzeko, gure ondarea belaunaldi berriei hurbiltzeko eta gure historia hiri gisa dugun nortasunaren parte dela gogoratzeko aukera paregabea da. Hamabost edizioren ondoren, hitzordu berezi, ezagun eta gero eta erakargarriago gisa finkatu da irundarrentzat eta bisitatzen gaituztenentzat".

"Gaur tokiko zigilua duen kartel bat aurkezten dugu, irundar batek diseinatua, eta horrek oso ondo islatzen du zer den Dies Oiassonis. Gure iragan erromatarrari buruz hitz egiten duen jaialdia, baina gaur egun hiria egiten duten pertsonen talentuari, inplikazioari eta konpromisoari esker posible dena. Eskerrak eman nahi dizkiet guztiei, edizio bakoitzak gora egiten jarrai dezan egindako lanagatik eta pasioagatik", adierazi du Alzagak.

Era berean, ordezkariak jaialdi erromatar honen garrantzia nabarmendu nahi izan du, "funtzio bikoitza betetzen jarraitzen duelako: alde batetik, Oiassoko ondare aparta zabaltzea eta balioestea. Bestetik, Irun kanpora proiektatzea. Edizio bakoitzak nor garen, nondik gatozen eta gure historia hiria eraikitzeko zergatik den aukera bat kontatzeko aukera ematen digu".

Uztailaren 15etik 19ra bitartean publiko guztientzako programa bat eskainiko da; hala, garai hartako birsortze historikoko jarduerak izango dira Oiasso Museoa bera eta Almudena Grandes plaza bezalako espazioetan. Jakina, kultura ere protagonista izango da plazan, museoko terma erromatarren ondoan espazioa eskainiko baitzaio. Besteak beste, Emilio del Rio-k hitzaldia emango du, antzezlanak egingo dira eta Nayade Abesbatzaren emanaldia edukiko dugu.

Gastronomia ere aurtengo Dies Oiassonisaren erakargarri handienetako bat izango da: hiriko hogei bat taberna eta jatetxek hartuko dute parte pintxo erromatarraren ibilbidean eta isicia omentata-ren txapelketan, iaz arrakasta izan ondoren. Gainera, San Juan plazak Convivium edo afari erromatarra hartuko du berriro ere, jaialdi honen beste jarduera klasiko bat. Azoka erromatarrak Oiasso museoaren inguruko kaleak beteko ditu uztailaren 15etik (asteazkena) 19ra arte (igandea).

Bestalde, aurten ere zirku erromatarraren ikuskizuna izango dugu San Juan plazako hondarrean. Eta, azkenik, 18an (larunbata), 19:00etan, Isis jainkosa omentzeko prozesio erromatarra egingo da. Zeremonia horren bidez, hiriko kaleak zeharkatuko dira eta itsasoko nabigazioa ospatuko da.

Sarrerak

Antzezlanerako, zirku erromatarraren hiru ikuskizunetarako eta Convivium-erako sarrerak udalaren webgunean eskainiko dira ekainaren 10etik aurrera (asteazkena), bai eta Luis Marianoko lorategietan dagoen turismoko bulegoan ere.

Eguraldi txarra badago, convivium-a Santiagoko pilotalekuan egingo da, karpa batekin estalita.

Dies Oiassonis 2026 programa osoa laster eskuragarri izango duzu.

Dies Oiassonis

15 edizio ondoren, Dies Oiassonis jaialdiak gure ondare arkeologikoa eta Oiasso zaharraren historia modu atsegin eta desberdin batean gozatzeko aukera ematen du: portua, termak, nekropolia, meategiak, etab. Antzerki-emanaldiak, esperientzia gastronomikoak, azoka eta antzezpenak, hala nola gladiadore borrokak edo Navigium Isidis Isis jainkosaren ohorezko prozesioa... guztiek historia eta ondarea modu didaktikoan eta jai-giroan ezagutzera emango dute.

Dies Oiassonis 2023 Flickr-en