Dies Oiassonis: Jaialdia

Dies Oiassonis

Irungo XV. Jaialdi Erromatarra
 
2025ko Uztailak 9-13
 
Dies Oiassonis jaialdiaren XV. edizioak espero baino are arrakasta handiagoa izan du, herritarren erantzun bikainari esker

Cartel Dies Oiassonis 2025Uztailaren 9tik 13ra arte, Dies Oiassonis jaialdi erromatarraren XV. edizioa egin da Irunen, eta Udalak balantzea egin du. Kultur arloko eta aisialdiko 50 jarduera inguru antolatu dira, hiriaren ondare historiko, arkeologiko eta kulturalari balioa emateko, eta Udalak parte hartze handia nabarmendu du. Irungo alkate Cristina Labordak eta Udaleko Kulturako ordezkari Nuria Alzagak, Oiasso Museoko zuzendari Juanjo Jiménezekin batera, oso balorazio ona egin dute aurtengo edizioaren inguruan, espero baino are arrakasta handiagoa izan baitu herritarren erantzun bikainari esker.

Lehenik, parte hartzea azpimarratu dute, 7.500 pertsona inguruk esku hartu baitute jardueraren batean eta hainbat jarduera bete baitira, hala nola zirku erromatarra, jarduera gastronomikoak eta gaueko bisita gidatua. Zehazki, zirku erromatarra erabat bete da, hiru ikuskizunetan (larunbat gaueko bietan eta igande eguerdikoan), eta 600 ikusle bildu dira bakoitzean.

Ekitaldi nagusietako bat Navigium Isidis izan da: 192 parte hartzaile bildu ditu, inoiz baino gehiago –2024an, 130 lagunek parte hartu zuten– eta, Museoaren kalkuluen arabera, 1.600 bat ikusle erakarri ditu kaleetan.

Labordaren esanetan, "espero baino are hobeto ibili gara, eta inoiz baino jende gehiago ikusi dugu jaialdian, ekitaldia sendo dagoen adierazgarri eta Gipuzkoa barruan batez ere gero eta bisitari gehiago erakartzen dituen erakusgarri. Izan ere, Irun destino interesgarria bihurtzen ari da eskaintza ludiko desberdin bat nahi dutenentzat".

Alzagak adierazi duenez, berriz, "beste urte batez, publiko guztientzako aisialdirako eskaintza erakargarri bat eta gure iragan erromatarraren dibulgazioa konbinatzen asmatu dugu, eta gure ondare historikoa herritarrei ezagutarazi diegu, Euskadin udan erreferentzia bihurtu den proposamen bat eginda".

"Ziur aski, jende gehiago egoteak eragina izan du sektore ekonomikoetan, hala nola ostalaritzan eta merkataritzan; horregatik, azterlan bat eskatu dugu jaialdi horrek hirian sortzen duen eragin espezifikoa neurtzeko", gaineratu du Nuria Alzaga Hiria Bultzatzeko ordezkariak.

Abiapuntu ikusgarria

Jaialdia joan den asteazkenean hasi zen: goi mailako aktoreek (tartean, Verano Azul telesailean parte hartu zutenetako batzuek) Ifigenia antzezlana jokatu zuten. Bada, 250 ikusletik gora bildu zituzten, joan den urtean halako diru, eta tiketen bi heren saldu ziren Internet bidez.

Oiassonensis XVII antzerki ikuskizunean, berriz, Udalaren arabera, 200 ikusle inguru elkartu ziren.  

Bestalde, Oiasso Museoko sarrera doakoa izan da egun hauetan. Bada, 1.263 bisitari izan ditu Museoak, eta terma erromatarren gaueko bisita gidatu interaktiboa bete egin da: hemezortzi lagunek parte hartu dute.

Azkenik, azoka erromatarra osatu duten 70 postuek (azokakoek bertakoek eta inguruko artisauenek) inoiz baino gehiago saldu dute, jaialdiak bildutako jendetzari esker.

Kutsu erromatarreko sukaldaritza

Proposamen gastronomiko guztiek ere harrera bikaina izan dute. Isicia Omentata lehiaketan, Maun jatetxe donostiarrak irabazi du, eta Museoko hitzaldiak bete egin dira. Pintxo Erromatarraren Ibilbidean, berriz, hiriko hamasei establezimenduk parte hartu dute.

Eguraldia zela-eta, ostiraleko programa pixka bat aldatu behar izan zen, eta Junkal plazatxoan izatekoa zen kontzertua Oiasso Museoaren egoitzan egin behar izan zen. Era berean, euri erauntsiak Convivium afari erromatarraren azken partea baldintzatu zuen, eta 137 afaltiarrek udaletxeko arkupeetara joan behar izan zuten babes bila.

San Juan plazako hondarretan beste jarduera klasiko bat egin zen, aire zabaleko zinema emanaldia: Percy Jackson y el ladrón del rayo filmaren emanaldiak, doan, 230 ikus-entzule erakarri zituen filmaz beraz eta Bizinema elkarteak sortutako giroaz gozatzera.

Tailer erromatarrak, gero eta ezagunagoak

Dies Oiassonis jaialdiaren beste alde positibo bat antzezpen historikoko tailerrak izan dira, aurreko urteetan baino parte hartzaile gehiago bildu baitituzte. Bereziki, aipatzekoak dira Legio V Oiasso-Irun elkarteak antolatutako larrugintza eta zeramika ikastaroak, bien artean 430 lagun batu baitira. Gainera, beste antzezpen historiko batzuk izan dira jaialdi osoan: adibidez, Thaleia taldeak Thermae eta balnea obra eman du terma erromatarren barrutiaren kanpoan, eta, guztira, antolatutako hiru ikuskizunen artean, 240 lagun juntatu ditu.

Terma erromatarrak, beste erakargarri bat

Apirilean, Oiasso Museoko terma erromatarrak inauguratu ziren, eta, jaialdiaren barruan, errealitate birtual bidezko bisita gidatu berezi bat eskaini da: gauez izan da, zentzumenei garrantzi berezia eman nahian. Bada, sarrera guztiak agortu dira.

Udalak eskerrak eman nahi dizkie entitateei, elkarteei, ostalariei, Museoko langileei, boluntarioei eta udal zerbitzuetako langileei, edizio hau arrakastatsua izateko egin duten lanarengatik eta beren inplikazioarengatik.

Dies Oiassonis 2025 programa osoa deskargatu hemen.


Dies Oiassonis

Hamalau edizioren ondoren, XV.a bidean, jaialdi honek aukera eskaintzen du modu atsegin eta desberdin batean gozatzeko gure ondare arkeologikoaz eta Oiasso zaharraren historiaz: portua, termak, nekropolia, meategiak, etab. Antzerki-emanaldiak, esperientzia gastronomikoak, azoka eta antzezpenak, hala nola gladiadore borrokak edo Navigium Isidis Isis jainkosaren ohorezko segizioa... guztiak ere historia eta ondarea modu didaktikoan eta jai-giroan ezagutzera emateko.

Dies Oiassonis 2023 Flickr-en