Bigarren Hezkuntza

educacion secundaria

1. Oiasso museoa + “Veni vidi Bitxi” tailerra

Ikasleek iturriek aipatzen duten antzinako Oiasso ezagutuko dute, Oiasso Museoko bildumaren bidez eta erromatar termen aztarnategia bisitatuz. Veni Vidi Bitxi tailerrean, taldeka eta telebistako lehiaketa baten moduan, erromatar garaiko edukiak landuko dituzte, modu ludiko eta parte-hartzailean.

2. Oiasso museoa + Xantalengo nekropolia

Proposamen honek Oiasso Museoko bildumaren bisita eta Xantalen ermitan aurkitutako erromatar nekropoliaren bisita (hilerria) konbinatzen ditu. Xantalengo nekropolia 2.000 urtean baino gehiagoan erabili da leku sakratutzat, eta bisitaren bidez, historian zehar hiletetarako eta kulturako baliatu den leku baten bilakaera ulertuko dute ikasleek.

Iraupena: Bi ordu
Toki kopurua: 8-25 ikasle

 

3. Oiasso museoa + “Egiptoko misterioak” tailerra

Erromatarren garaiko bizimodua ikusiko dute ikasleek, arkeologoek aurkitutako objektuen bitartez, eta, museoa bisitatu ondoren, antzinako Egiptoko munduan eta Osirisen mito ezagunean murgilduko ditu tailerrak. Horrela, ulertuko dute zer-nolako garrantzia ematen zitzaion heriotzari eta beste munduan sinesteari, eta, gainera, idazkera hieroglifikoaren oinarrizko printzipioetara hurbilduko dira.

Iraupena: Bi ordu
Toki kopurua: 8-25 ikasle

4. Oiasso museoa + “Erroma eta zinema” tailerra 

Museoko bildumaren bisitaren bitartez, erromatarren garaiko bizimodua deskubrituko dute ikasleek, eta, tailerrean, berriz, Erromako historian murgilduko dira, ikusizko ikaskuntza metodologia dinamiko baten bitartez: antzinako pelikula mutuen erako film labur bat egin, eta Romulo eta Remoren istorioa eta Erromaren fundazioaren mitoa interpretatuko dute.

Iraupena: Bi ordu
Toki kopurua: 8-15 ikasle

5. Oiasso museoa + “Arkeolab”: arkeologia tailerra 

Museoko bisita gidatuaren bitartez, arkeologoek Oiassoko hondeaketa lanetan aurkitutako erromatar piezak ikusiko dituzte ikasleek, eta, ondoko tailerrean, berriz, arkeologia lana berregingo dute, praktikoki, hondeaketa lanetan eta laborategian erabiltzen den metodologia gertutik ezagutzeko; laborategian, gainera, materialak aztertuko dituzte.

Iraupena: Bi ordu eta erdi
Toki kopurua: 8-12 ikasle