Zinemaldi Arkeologikoa
FICAB ZINEMALDIAREN 26. EDIZIOAK ARKEOLOGIAREKIN ZINEMAK DITUEN LOTURA UGARIEN BERRI EMATEN DUEN KARTELA AURKEZTU DU
Kartela Juantxo Tolosa diseinatzaile grafikoak egin du, Irungo Soroxarta estudiokoak. Aurtengo irudiak zinemak arkeologiarekin ezarri dituen lotura ugari, emankor eta irudimentsuak ditu ardatz.
Azaroaren 16tik 21era, herritarrek askotariko eduki historikoak lantzen dituzten 24 film ikusteko aukera izango dute
XXVI. FICAB 2026 PROGRAMA deskargatu hemen
Azaroan sartzea FICABen sinonimo da Irunen. Bidasoako Nazioarteko Zinema Arkeologikoaren Jaialdiaren 26. edizioa gainean dugu dagoeneko, eta Irungo Udaleko Kultura Arloak azken prestaketak egiten ari dira azaroaren 16tik 21era egingo den jaialdirako. Oraingo honetan, aurtengo edizioaren kartela aurkeztu dute.
Aurreko urteetan bezala, kartela Juantxo Tolosa diseinatzaile grafikoaren lana da, Irungo Soroxarta estudiokoa. Aurtengo kartelak zinemak arkeologiarekin ezarri dituen lotura ugari, emankor eta irudimentsuak ditu ardatz. Gaur aurkeztu dute kartela Nuria Alzaga lehen alkateorde eta Kultura ordezkariak, Mélanie Doré FICABeko zuzendariak eta Ander Arrese Oiasso Museoko zuzendariak.
Urteen poderioz, jaialdia eskualdean eta lurraldean sendotuz joan da, eta gaur egun erreferente bihurtu da. Urtero egiten den hitzordu honetan, dokumental historiko eta arkeologikoetan espezializatutako ekoiztetxe ospetsuenetatik hasi eta ikerketa arkeologikoaren kalitatean oinarritutako ekoizpen txikienetaraino biltzen dira.
Kultura ordezkariaren hitzetan, «26 edizio ez dira nolanahiko kopurua, eta horrek, hain zuzen ere, jaialdiak urte hauetan guztietan izan duen hazkundea baloratzera garamatza. Hazkunde horri esker, FICAB erabat sendotu da eskualdean eta lurraldean, eta gaur egun erreferente da».
Aipatzekoa da aurten 24 film hautatu direla, bai sail ofizialean, bai hezkuntza-sailean; guztira, 60 film aurkeztu ziren. Ildo horretan, aurtengo berezitasunetako bat da Frantzia, Italia eta Txilekoak, besteak beste, kalitateagatik eta interesagatik aurkeztu eta hautatu direla.
Ohikoa denez, proiektatzeko hautatutako filmak Amaia KZko auditoriumean eskainiko dira, hiru saiotan: goizeko saioa, Hezkuntza Sailari dagokiona, eta 17:00etako eta 19:00etako emanaldiak, Sail Ofizialari dagozkionak.Gainera, Donostiako Aquariumak urpeko arkeologiari buruzko saio bat hartuko du aurten ere. Bestalde, film guztiak online ere ikusi ahal izango dira edizio honetan, Festhome plataformaren bidez, jaialdiaren astean zehar.
Online zinemaldia azaroaren 16an aktibatuko da azaroaren 21 arte. FICAB onlinera sartzeko linkak:
FICAB SAIL OFIZIALA
FICAB HEZKUNTZA SAILA
FICABeko saioetarako gonbidapenak udalaren webgunean eta Luis Mariano lorategietan dagoen Turismo Bulegoan eskuratu ahal izango dira datorren ostiraletik, azaroaren 6tik, 10:00etatik aurrera. Halaber, Amaia Kultura Zentroko leihatilan ere jaso ahal izango dira, saioak hasi aurretik.
Epaimahaia eta sariak
Aurreko urteetan bezala, epaimahaia ikus-entzunezkoen eta arkeologiaren arloetako ospe handiko profesionalek osatuko dute, eta haien erabakia lehiaketari amaiera emango dion sari-banaketa ekitaldian jakinaraziko da.
Aurten, epaimahaiburua Lourdes Herrasti izango da, Cuelgamuros haraneko aztarnak berreskuratzeko proiektuko talde arkeologikoko zuzendaria. Epaimahaikide izango ditu, berriz: Beatriz Agramonte, Salamancako Unibertsitatean Historian lizentziatua eta Artearen Historian espezializatua, eta Zaragozako Unibertsitatean Humanitateetan espezializatua; Valentina Porcheddu, Antzinako Historiako, Hizkuntzetako eta Literaturetako doktorea Bordeaux Montaigne Unibertsitatean eta kazetaria; Giorgio Studer, espeleologoa eta ikus-entzunezkoen sortzailea, eta duela gutxira arte Gipuzkoako Foru Aldundiko Zaharberritze eta Kontserbazio Arkeologikoko Saileko arduraduna; eta Mertxe Urteaga, arkeologian doktorea eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Historiko-Artistikoaren Zerbitzuko kidea.
Jarraian, aurtengo sarien zerrenda osoa:
Jaialdiko Sari Nagusia: 2.000 euro.
Publikoaren Sari Berezia: 1.000 euro.
EITB Saria, genero-ikuspegia sustatzeko saria: 1.000 euro.
Hezkuntza Sailaren Saria: 750 euro.
Arkeolan Saria, dibulgazio zientifikoari: diru-hornidurarik gabe.
Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoa, FICAB, Fugaz Sarien Adiskideen Jaialdi gisa estreinatu zen ofizialki. pasa den urtean. Ekimen honen helburu nagusia Espainia mailako jaialdien zirkuituari balioa ematea eta aintzatestea da, eta berau osatzen duten ekitaldien artean sinergiak sortzea.
Zer da FICAB?
Bidasoako Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren Jaialdia 2001. urtean hasi zen egiten Arkeologia gizarteari ezagutzera emateko eta hurbiltzeko, Arkeologiari eta Ondare Arkeologikoari buruzko film dokumentalen bidez.
Bere laugarren ediziotik aurrera, 2004an, jaialdia lehiaketa bihurtu zen eta hortik aurrera hiru sari banatzen ditu: Jaialdiko Sari Nagusia, Publikoaren Sari Berezia eta zientzi dibulgazioaren Arkeolan Saria. 2006. urtean Fedarcinen sartu zen, Arkeologia eta Ondasun Zinemaldien federazio europarrean, eta nazioarte mailako epaimahaia du orduz geroztik.
Urtero egiten da jaialdia eta bertan biltzen dira historiari eta arkeologiari buruzko dokumentaletan adituak diren ekoiztetxe ospetsuenak nahiz ikerketa arkeologikoaren kalitateak bermatutako ekoizpen txikiak. Ikasleei zuzendutako hezkuntza atala ere badu 2015. urteaz geroztik.
Jaialdi honi buruzko informazio guztia www.ficab.org webgunean ikus daiteke.
Edozein informaziorako Oiasso Museoarekin harremanetan jarri (Eskoleta, 1 20302, Irun Gipuzkoa), helbidean edo 943 63 93 53 telefonoan.

Klik argazkian laburmetraiak ikusi ahal izateko














