Dies Oiassonis: Jaialdia

Dies Oiassonis
Irungo XV. Jaialdi Erromatarra
2025ko Uztailak 9-13
Dies Oiassonis jaialdia, Irungo iragan erromatarraren ospakizuna. Historia, aisia, entretenimendua eta gastronomia uztartzen dituen udako ekitaldi handia.
Irungo Udalak antolatutako Dies Oiassonis jaialdiak bere proposamena indartu du aurten, eta Oiasso museoko terma erromatarrekin pizgarri berri gisa. Jaialdia uztailaren 9tik 13ra luzatuko da, eta hainbat berritakuntza izango ditu programazioan. Jarduera ugari antolatuko dira, Oiasso Museoan eta hiriko hainbat tokitan, erromatar ondarea herritarrei hurbiltzen jarraitzeko, dibulgazioan eta parte-hartzean oinarritutako proposamen batekin.
Miriam Merino irundarrak diseinatu du aurtengo kartela. Kartela, inauguratu berri den Oiassoko termetako aztarnategian inspiratuta dago.
Laster Dies Oiassonis 2025en programa osoa deskargatu ahal izango duzu hemen.
NAVIGIUM ISIDIS
Nabigazio denboraldia berriz irekitzeko Isis jainkosari eskainitako prozesioa, Dies Oiassonisetan birsortzen da, pertsona askoren parte-hartzeari eta lankidetzari esker.
Jaialdian parte hartzea gustatuko litzaizuke, ez bakarrik ikusle gisa, baizik eta barrutik biziz eta egun batez erromatar bihurtuz? 943 63 93 53
Berrogeita hamar bat jarduera antolatuko dira uztailaren 9tik 13ra bitartean egingo den Dies Oiassonis jaialdiaren XV. edizioan. Batzuk sendo errotutako klasikoak dira, hala nola Navigium Isidis, zirku erromatarra edo pintxo erromatarraren ibilbidea, eta Oiasso museoan edo hiriko beste zenbait puntutan izango dira. Programazio osoa aurrerago iragarriko da.
Edizio honetako berritasunez artean, aipatzekoa da jaialdiari hasiera emango dion antzezlana, Ifigenia; Amaia KZn eskainiko da uztailaren 9an, asteazkenarekin, 21:00etan. Aktoreen artean, aipagarri dira María Garralón eta Juanjo Artero. Obra 2024ko uztailean estreinatu zen Meridako Antzerki Klasikoaren Nazioarteko Jaialdi sonatuan.
Era berean, lehiaketa gastronomikoa lekualdatuko da: orain arte udaletxeko arkupeetan egin bada ere, aurten Almudena Grandes plazan antolatuko da. Lehiaketaren gaia ere aldatuko da: Orain arteko arrain zopa atzean utzita, aurten Isicia Omentata onena nork prestatuko duen ikusteko lehiatuko dira parte-hartzaileak. Antzinako Erroman jaten zen plater hori askotariko bizigarriekin prestatutako haragi txikituzko enpanada bat da, gaur egungo hanburgesen nolabaiteko aurrekari bat. Lehiaketako herri-epaimahaiko kideak doan sartuko dira gonbidapenarekin.
Antzezpen historikoek protagonismo handia izango dute aurten. Espazio handiagoa hartuko dute Oiasso museoan, termen kanpoaldean eta Almudena Grandes plazan.
Azoka erromatarra ere itzuliko da Irungo kaleetara, zehazki Fermin Calbeton, Genaro Etxeandia eta Foru kaleetara. Horrez gain, postu batzuk instalatuko dira Luis Marianoko lorategietan ere.
Azkenik, terma erromatarren bisita gidatu berezi bat eskainiko da: salbuespenez, apirilean irekitako azpiegitura hori gauez bisitatzeko aukera eskainiko da, zentzumenekin lotutako kontuei leku berezia emanez. Uztailaren 11n izango da (ostirala).
Gainera, Tarragonako Thaleia antzezpen historikoko taldeak Thermae eta Bainea ikuskizunaren hiru emanaldi eskainiko ditu, larunbat arratsaldean eta gauean eta igande goizean, termen kanpoaldean.
Sarrerak
Ifigenia antzezlanera (uztailak 9, 21:00), afari erromatarrera (uztailak 11, 21:30) edo zirku erromatarraren hiru saioetako batera (uztailak 12, 21:00 eta 23:00; eta uztailak 13, 12:00) joan nahi dutenek ohiko saltokietan eskuratu ditzakete sarrerak ondorengo estekan: https://amaiakz.sacatuentrada.es/es edo Luis Marianoko turismo-bulegoan. Hona prezioak:
Ifigenia antzerki-emanaldia: 7 euro.
Afari erromatarra: 30 euro (200 pertsona).
Zirku erromatarra: 5 euro larunbatean eta 4 euro igandean.
Errekreazio historikoko tailerretarako sarrerak jaialdian bertan jarriko dira salgai, Oiasso museoan.
Dies Oiassonis
Hamalau edizioren ondoren, XV.a bidean, jaialdi honek aukera eskaintzen du modu atsegin eta desberdin batean gozatzeko gure ondare arkeologikoaz eta Oiasso zaharraren historiaz: portua, termak, nekropolia, meategiak, etab. Antzerki-emanaldiak, esperientzia gastronomikoak, azoka eta antzezpenak, hala nola gladiadore borrokak edo Navigium Isidis Isis jainkosaren ohorezko segizioa... guztiak ere historia eta ondarea modu didaktikoan eta jai-giroan ezagutzera emateko.
Dies Oiassonis 2018 Flickr-en