Silexaren bila

Euskal kostaldeko lehen biztanleak

2014ko Abenduaren 23tik 2015eko Apirilaren 12a arte

Bizkaiko Arkeologi Museoak euskal kostaldeko historiaurreko biztanleek erabiltzen zituzten harrizko tresnei eskainirik sortua duen bilduma jarriko du erakusgai Oiasso Museoak.

Erakusketa

Giza espeziearen eboluzioa abentura benetan konplexua da, milaka eta milaka urtetan zehar gertatzen dena. Berez, bizirauteko eta ikasteko bide bat da, oztopoak gaindituz aurrerantz doana; aldi berean, aldaketa anatomikoak gertatzen dira, lokomozio-aparatuan, garezurraren itxuran edo hortzerian.

Gure arbasoak hasiera-hasieratik hasi ziren, beste ekintza batzuen artean, harria lantzen; harria lantzeko modu hori haiekin batera bilakatzen joan zen eta, konplexuago egiten joan ahala, espeziearen hobekuntzaren eragile bihurtzen joan zen. Ehizean aritzeko baldintza hobeak ekarri zizkien, elikagaiez hornitzeko aukera gehiago eman, eta larruak ontzea edo amuletoak zulatzea ahalbidetu.

Euskal kostaldean, gure hondartzek hain berezko dituzten eta flysch izenez ezagutzen ditugun formazio geologiko horietan silexezko nodulu estratoen artean joan ziren jalkitzen. Silexa material gogorra da; eta hausten den moduaren arabera, bere azala oso zorrotza izan liteke, eta beste material batzuk ebakitzeko, baita zura edo hezurra ere, oso egokia gerta liteke. Paleolitikoko giza taldeak lur azalean jasotzen zituzten harri horiez hornitzen ziren eta horiek lantzen ikasi zuten.

Erakusketa honetan euskal kostaldean silexaren lanketaren bilakaerak izandako etapa nagusiak ikusten dira. Zaharrenak, duela 200.000 urte inguru, Behe Paleolitoko bifazeetan daude irudikatuak. Abiapuntu horretatik Erdi Paleolitora goaz, hau da, Neandertal garaira, eta levallois deituriko harri-lantzera. Lantze mota horrek sekulako iraultza ekarri zuen aurreko fasearekiko. Hirugarren etapa Goi Paleolitokoa da, Cromagnon espezieari dagokio, eta silexa ordurarte inoiz baino hobeto lantzen da. Ez bakarrik silex bloketik zatiak lortzeko moduari begiratuta; tresnen formak ere dibertsifikatu egin ziren, ehiztari eta biltzaile talde haien tresneria ia premia guztiak estaltzeraino.

Erakusgai jarri diren bilduma hauei esker eboluzio hori ikus daiteke; gainera, itsas bazterreko flysch-aren geologiaren ikuspuntua azaltzen dute, eta azken urteotan egindako ikerkuntza arkeologikoaren ikuspuntua ere bai. Piezak Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarrotik datoz, eta horiek zaintzeko ardura duten museo eta erakundeek utzi dituzte erakusketarako.

MUSEO ROMANO OIASSO
Eskoleta, 1 - 20302 IRUN
+34 943 639 353

Ayuntamiento de irun
ayuntamiento de irun
Turismo familiar
roma atlantiaca
Ruta Del Ferro
industria turismoa
ERIH
Route COE
Ficab
Hotel Alcazar