Porcelanas Bidasoa

Industria, artea eta memoria

2016ko Abenduaren 16etik 2017ko Martxoaren 5a arte

Oiasso Museoak “Porcelanas Bidasoa: Industria, artea eta memoria” erakusketa dakar Irunera, portzelana-fabrikazioan erreferente izan zen enpresa baten ondarearen garrantzia nabarmendu nahian. Enpresa horren baxerek prestigio handia zuten nazioarteko merkatuan: Pablo Picassok eta Salvador Dalík ere diseinatu zituzten, baita Javier Mariscalek ere, urte batzuk geroago. Museoaren zati handi bat okupatzen du erakusketak, eta fabrikaren historian mugarri izan ziren pieza nagusiak biltzen ditu.

Karlos Olivéren ekimen bat da erakusketa, eta Irungo Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko elkarlanean oinarritzen da. Hain zuzen ere, udalerri honetako arte-industriaren iragana ezagutarazi nahian Oiasso Museoan jarriko den erakusketa multzo baten abiapuntua da.

Zalantzarik gabe, Irungo iruditeria kolektiboaren parte da Porcelanas Bidasoa. Erakusketa honen xedea kontaketa oso bat ematea da, lantegiaren eta haren ondare ukigarri eta ukiezinaren garrantzia azpimarratzeko, argazki artistiko eta historikoez, testigantza pertsonalez eta portzelanazko tresna eta piezez baliatuz.