Marmolezko Inperioa

Datak: 2020ko irailaren 30etik urriaren 2ra

Irungo Oiasso Erromatar Museoak Udako Ikastaroa antolatu du Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera: "Marmolezko Inperioa: harri apaingarriak eta harrobiak Iberiar Penintsulan erromatarren garaian".

Erromatar munduko arkitektoen, eskultoreen, dekoratzaileen, epigrafisten... materialik gogokoena harri apaingarriak ziren, eta, harri apaingarri guztien artean, marmola. Inperioak lortutako luxuaren sinboloa ziren harri apaingarriak, eta apainketa kultura hori mendebalde urruneraino ere iritsi zen, Iberiar penintsularaino; horrela, beren hiriek metropoliaren (Erromaren) ahalik eta antz handiena izan zezaten nahi izan zuten Iberiar penintsulako biztanleek. Harri apaingarrien erabilera hedatzeak erromatar geografiaren irudia berdindu zuen, eta, gainera, materialak erauzteko eta apainketa kultura merkaturatu eta zabaltzeko makineria aparta jarri zuen martxan. 

Harrobirik ezagunenak Egeo itsasoan marmol zuria eta Arabiako basamortuan porfidoa ematen zutenak dira, baina baziren beste hainbat harri ematen zituztenak, Inperio osoan sakabanatuak. Ikerketa espezializatuei esker, gero eta informazio zehatzagoa dugu. Arroka igneoen eta arroka metamorfikoen konposizioari erreparatuz, jatorri bakoitzeko markatzaile zehatzak identifika daitezke, eta banaketa sareak xehekiago ezagutzen laguntzen ari da hori, eta, aldi berean, ondarea identifikatzen, berdingabea berau. Azken batean, erauzketa jardueren ondorioz sortutako paisaiek, harrobiek, ikuspegi poliedrikoa ematen dute, balio estetikoek zein arkeologikoek osatutakoa.

Gaur egun, dudarik gabe, Iberiar penintsulan ari dira egiten alor honetako ikerketarik abangoardistenak, eta harrobi esanguratsuak ezagutu dira, hainbat agertoki geografikotan. Ekarpen berrioi esker, nabarmen sakondu ahal izan dira Iberiar penintsulan harri apaingarriak eskulturarako, euskarri epigrafikoetarako, eraikinen estalduratarako... kontsumitzeari buruzko ezaupideak, baita prestigiorik handieneko baliabideak merkaturatzeko erabiltzen ziren nazioarteko sareei buruzkoak ere.

Ikastaroak Iberiar penintsulak erromatarren garaian zituen harrizko baliabideak aztertuko ditu, eta, horretarako, harri apaingarririk adierazgarrienak ekoizteko ziklo osoa jorratuko du, hasi harrobietako erauzketatik eta buka berrerabileran, tartean merkaturatzea eta apaingarritarako erabilerak direla.

HELBURUAK

Erromatar mundura gerturatzeko ildo berritzaile bat proposatzea: eraikin, espazio publiko eta luxuzko objektuetarako harri apaingarriak erauzteko jarduerak eta harrion manufaktura.

Iberiar penintsulan marmolei eta harrobiei buruz egin diren azken ikerketen emaitzak ezagutaraztea.

Harri apaingarriak ekoizteko ziklo osoa marraztea, hasi harrobietako erauzketatik eta buka berrerabileran, tartean merkaturatzea eta erabilerak direla.

 

Zuzendariak

  • María Mercedes Urteaga Artigas. Gipuzkoako Foru Aldundia/ Arkeologia teknikaria.
  • Elena Torregaray Pagola. UPV/EHU, Estudios Clásicos

 

Irungo Udalarekin eta Gordailuarekin lankidetzan

  • Matrikularen prezioa: irailaren 30era arte 105 € (sarrera orokorra)
  • Datak: 2020ko irailaren 30etik urriaren 2ra
  • Lekua: ikastaroa on line ospatuko da 
  • Matrikularen kudeaketa: web orria
  • Balio akademikoa: 30 ordu
  • Hizkuntza ofiziala: gaztelania

 

 

MUSEO ROMANO OIASSO
Eskoleta, 1 - 20302 IRUN
+34 943 639 353

Ayuntamiento de irun
ayuntamiento de irun
Route COE
Ruta Del Ferro
Ficab
Turismo familiar
roma atlantiaca